Aspaldian

sábado, 13 de marzo de 2010 ·

Erlantz Urtasun Antzano Historialaria

Duela 20 urte Ruper Ordorika abeslariak melodia liluragarria karrikaratu zuen, Aspaldian izenekoa. Honela zioen: «Gure aitxitxe Elias zenak, ezkont-bidea egina zuen, San Gregorioko neska ederrarekin, hura izango zen amama urteekin. Aspaldian. Bere garaian, esaten zidan, ez zela ia lanik egiten. Andreak pozikan elkar lanean, arropa garbitzen zutela errekan. Aspaldian. 93 urtez hil zen, Bilbo aldeko etxe batean, San Gregorioko hizkera bazeukan, artean etxie aitte esaten zuen. Aspaldian».

Doinua aditu eta pentsakor geratu naiz. Gure haurtzaroko mundu hura, oro har, hil baitzen. Aspaldian hil baitzen. Edota Joxe Lizaso bertsolari zenak adierazi zuenez, «gurea pasa da».

Egun eta hemen bertze mundu bat dugu. Guri tokirik aitortzen ez diguna.
Aspaldian. Jarraian eskainiko dizkizudan hiru pasadizoak, irakurle maitea, ez dira alegiazkoak, ez dira adibideak. Benetakoak dira.

Bat. Aspaldian ezagutu nuen gizon bat inor baino ezkertiarragoa zena. Anarkosindikalista, manifestazioetan pankartari eutsi ohi zion, espainiar poliziak kargatu arte...

Hura kanpotarra izanik, eta orduko eguneroko manifestazioen testuinguruan, behin, ostatu batean babestu ginela, zera erran zidan erdaraz: «Mira, yo lo que no entiendo es qué pinta ese mapa colgado en la pared del bar. Solo es un freno para la izquierda». Zazpi probintzietako mapa zen.

Urte batzuk geroago, kasualitatez, berarekin topo egin eta ostatu batean ginela telebistari so honela erran zidan: «Mira, yo lo que no entiendo es qué pintan Navarra y un trozo de Francia en el mapa del tiempo».

Hark, Espainian jaio eta Gasteizen bizi zenak, «vasco» zela zioen. Ni, euskalduna izatez, bai sortzez bai hizkuntzaz bai borondatez, bere irudiko ez nintzen «vasco», Iruñekoa nintzelakotz. Oraindik anarkosindikalista omen zen.

Bere berri izan nuen azkeneko aspaldian traje eta gorbata zeraman, eta espainiar alderdi konstituzionalista baten baitan «norbait» zen jadanik...

Nik, berriz, eta aspaldian genituen Bordele-Andorra-Errioxa mugak nahiago baditut ere, batzuetan ikusten dut ene burua komuneko ispiluan, goizean, eta ahotik isurtzen zait aspaldian ikasi nuen «agur eta ohore euskal herriari, lapurdi, baxenabar, ziberu gainari, bizkai, napar, gipuzko, eta arabari...», baita «zutik lurrean kondenatu, zaren langile tristea...» ere.

Bi. Aspaldian ezagutu nuen bertze gizon bat inor baino ezkertiarragoa zena. Bai, hura ere bai. Badakizue, maoista, trosko edo auskalo zer, manifestazioetan pankartari eutsi ohi zion, espainiar poliziak kargatu arte...

Hura kanpotarra izanik, eta orduko eguneroko manifestazioen testuinguruan, behin, ostatu batean babestu ginela, zera erran zidan erdaraz, bere ustez, garrantzitsua zela «historia abertzalea» idaztea, hots, hemengo historia baina ikuspegi abertzale batez jantzirik. Areago, gizon hark garbi ikusten zuen nik idatzi behar nuela.

Nik erantzun nion, «aibalaostia», berak bazuela euskara ikastea, baita balizko «historia abertzale» hura idaztea ere. Irribarretsu begiratu zidan. Eta emeki-emeki ferekatu zuen bere intelektual planta zeraman janzkera zaindua.

Bere berri izan nuen azkeneko aspaldian traje eta gorbata zeraman, eta espainiar alderdi konstituzionalista baten baitan «norbait» zen jadanik... Izan ere, «intelektual independiente» gisa, «historia abertzalea» idatzi beharrean «víctimas del terrorismo» ekitaldiak antolatzeari ekin zion.

Nik, berriz, eta aspaldian genituen Bordele-Andorra-Errioxa mugak nahiago baditut ere, batzuetan ikusten dut ene burua komuneko ispiluan, goizean, eta ahotik isurtzen zait aspaldian ikasi nuen «Saseta hil zen gudarien aurrean, Mendizabal hil zaigu bakarrik...», baita «Grândola, vila morena, terra de fraternidade...» ere.

Hiru. Aspaldian Diputazioak argitaraturiko liburu bilduma irakurri nuen liburutegi publiko batean. Liburu horiek 50 urte baino gehiago zeramaten apalategi hartan, eta, hainbatetan, inprimategi akatsak zirela medio, kartazalak irekitzekotz labana erabili behar nuen haien orrialdeak banatzekotz.

Arratsalde batean, ziplo, gertatu zenaz ohartu eta liburuzainari inguratu nintzaion: «Baina, 50 urte pasatu eta gero, ni orrialdeak banatzen ari banaiz, horrek erran nahi du inork ez dituela liburu hauek irakurri!». Liburuzainak, zintzoki, zera gaineratu zidan: «Ez, inork ez. Beraz, eraman eta itzuli nahi duzunean. Izan ere, zuri interesatzen zaizkizu. Lehena eta azkena izanen zara...».

Aspaldian, baina beranduago, gogoeta hau topatu nuen Ibarzabalek Txillardegiri 1978an eginiko elkarrizketan: «Recuerdo la decepción que sufrí al abrir con mi propia navaja, en la Biblioteca de la Diputación de Vizcaya, un libro tan importante como 'Defensa y Fundamento de los Fueros' de Oloriz, que desde su edición, hacía 60 años, yacía olvidado sin que, al parecer, hubiera merecido el interés de nadie».

Eta zer zioen, XIX. mendean, Oloriz jaunak?: «¿Qué era Navarra? Un reino independiente. ¿Qué eran los Fueros? Las leyes por las que nuestro país se regía. ¿Y esas leyes le reportaban algún beneficio? El de mantener viva su independencia».

Funtsean, aspaldian, deusik ere ez dakien ezker-eskuin, espainiar-frantses-euskal Belarmino inkisidore gehiegi ari dira oztopatzen gure lurrak oraindik sortu ohi dituen euskal Koperniko eta Galileoen hegalaldiak. Ura ez baizik, olioa gure uretan, zilarrezko euskal arrainek arnasa ezin hartuz.

Edota, lehen Erich Fromm eta gero Paul Boghossian filosofoen bidetik: euskal gazteak ez izan beldurrik, ez askatasunari ez ezagutzeari. Hori bai, ez egin adinekoek agintzen dizuetena. Haien ildoa, XX. mendeko memoria mitifikatua, normalean, gezurrezkoa baita, koldartia, hipokrita, diruaren aitzinean makurtu dena. Ez fidatu haietaz. Ez kontsumitu. Ez drogatu. Zuen bidea jorratu. Libreki. Aspaldian itxi ziguten XX. mendeko Egunkaria. Aspaldian sortu genuen BERRIA, XXI. mendeko gazteendako sostengu, eredu eta euskal trinkotze tresna, euskaldunon bilgunea, etxea izatea nahi nuke. BERRIA maitagarriak egunero eraikitzen baitu alderdiek, politikariek, sindikalistek, sasizko intelektualek egunero oztopatzen digutena: euskaraz sentitu eta amesten dugun jende xumearen Euskal Herria!

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak