Basamortuaren Higadurak

sábado, 13 de marzo de 2010 ·

Joxe Iriarte, Bikila

Tindufeko saharar errefuxiaturen kanpamendutik itzultzen naizen bakoitzean, definitzeko eta adierazteko oso zailak egiten zaizkidan sentimendu kontrajarriek talka egiten dute nire bihotzean. Alde batetik, poza (bertako senideekin igarotako egunetan, behin idatzi nuen bezala, zer edo zer aldatzen delako ene barruan); eta bestetik arrangura, (gure bizimodua eta haiena konparatzeak sortzen didan egonezina), eta batez ere amorrua, (hain garbi ikustean, urteak joan eta urteak etorri, saharar herriaren egoera politiko soziala geroz eta petralagoa dela).

Izan ere, kataklismo edo gizakiaren interbentzio bortitz bat ezean, badirudi natura (mendiak zein basoak, edo basamortuko paisaiak, eta zer esanik ez ibaiak eta itsasoak) aldagaitza dela. Baina ez da horrela. Berta-bertatik ikusita, natura, pertsona edo gizartea etengabe aldatzen ari da onerako edo txarrerako, edo bietarako.

Saharar herriarentzat Marokok antolaturiko martxa berdea izugarrizko kataklismoa izan zen. Herri kolonizatua izatetik herri okupatua izatera pasatu zen. Eta Espainiaren menpean gaizki baziren, Marokoren menpean okerrago. Eta diktatura frankistaren aurka hasitako erresistentzia eta borroka armatuaren lehen urratsak okupatzaile berriaren aurkako gerra luze eta mingarria bihurtu behar izan zituzten. Mingarria sahararrentzat batez ere. Napalm bonbardaketetatik eta errepresiotik ihesi zihoan herri xehea zaindu eta, aldi berean, borroka armatua bultzatu behar duen herri batentzat arazoa askoz zailagoa eta gogorragoa baita. Eskerrak Algeriaren laguntza izan zutela haren lurraldean kokatu ahal izateko. Baina, nomada izatetik errefuxiatu bihurtu zen herria. Eta hala ere gai izan ziren militarki askoz indartsuagoa zen etsaia hitzarmenera behartzeko.

Une hartan garaipen izugarria izan zen lortutako hitzarmena, zeinean autodeterminazio eskubidea onartzen baitzitzaien, antolakuntza nola egin adostu behar bazuten ere. Baina ez zuen iraun. Maroko berehala hasi zen oztopoak altxatzen; eta okerrena, deskolonizazio prozesuaren ustezko babesleak zirenak, Nazio Batuek eta Espainiar estatuak, batez ere bigarrenak, ustel eta zuri jokatu zuten. Batzuk igeri egin eta arropa zaintzea deitzen diote joko horri, baina nik hitz gordina, traizioa, erabili nahi dut. Interes geoestrategiko eta batez ere ekonomikoaren morrontzaz eginiko traizioa, non laguntza politikoa alboratu eta karitatea bihurtu baitute.

Aberatsek ondasun metaketarekin sorturiko pobreekin nola hala jokatzen ari dira bai Espainia zein Nazio Batuak giza laguntzarekin, horrela estaliz eta mozorrotuz beren zurikeria. Hori bai, karitatea egiten duten aldi berean, Marokori armak salduz eta arrantza ustiaketan parte hartuz.

Alegia, sos ziztrin batzuek eman eta milioika lapurtu, hori da errealitatea. Espainiar edo euskaldun bihotz onberak, ematen dieguna ematen diegula, saharar herriarekiko zordun izaten jarraituko dugu… gutxienez independentzia lortzen duten arte!

Hala ere ez dezagun gehiegi goraipatu gure elkartasuna. Sahararrei beharrezkoa zaie hemendik bidaltzen zaiena baina, gauza gutxi batzuk kenduta, bidaltzen dena bigarren edo hirugarren eskukoa da. Garraioak ikusi besterik ez dago.

Bestalde, zer egiten dugu geure gobernarien, enpresarien eta armadoreen jukutrien aurrean? Espainiako gobernuak eskuak libre ditu Marokorekin nahi duena sinatzeko; Granadan egun hauetan egin dutena ikusi besterik ez dago. Gure armadoreek eta arrantzaleek lasai arraio ari dira saharar arrantza lekuetan. Lapurrari erosten dionak konplize bihurtzen omen du bere burua. Alegia, lapur. Eta Marokorekin negoziatzen duten gure enpresek, antzeko, ala ez? Monarkia hiltzaile eta kolonizatzailearekin tratuetan dabiltzanak haren bidegabekerien erantzule ere bihurtzen dira.

Laguntza gizatiarraren behar gorrian daude sahararrak. Hori horrela da eta ezin dugu atzera egin konpromiso horrekin. Baina ororen gainetik laguntza politikoaren beharrean daude. Laguntza politikoak esan nahi du, bai estatuko hauteskundetan zein autonomikoetan edo munizipaletan ezin diegula boto txar bat ere eman marokoar monarkiarekin tratuetan dabiltzanei. Ez duela balio udaletxeetan edo Jaurlaritzan edo modu pertsonalean sahararren alde egin eta gero gobernura heldu eta sahararrak izorratzeak. Hots: Odon Elortza eta Donostiako Udala oso ondo portatzen dira sahararrentzako giza laguntzaren alorrean, baina huts egiten dute Zapaterori aurre egiterakoan. Elkartasun politikorik gabeko laguntzak (alegia, Marokoari presioa egitea baliabide guztiekin), karitatearekin zerikusi gehiago du justiziarekin baino. Eta sahararrek justizia behar dute gauza guzien gainetik.

Sahararrak bake gaizto eta maltzur batean harrapaturik daude, eta denbora kontra dute. Basamortuko haize gaiztoak (riag entinak) min handia egin arren, latzagoa da egoera politikoak eragiten dion kaltea herri zoragari horri. Hara joan gara korrika egitera eta familiarekin eginak egitera. Sufritu eta gozatu egin dugu beraiekin, baina ez da nahikoa. Ez horixe…

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak