Pentsioak: Iparraldeko jendearen bidetik jo dezagun!

miércoles, 26 de enero de 2011 ·

Lidia Rekagorri y Diego Calvo (Antikapitalistak), Iosu Murgia y Mikel Zurbano (Aralar), Exabier Arrieta y Ana Etxarte (Alternatiba), Mikel Isasi y Josu Perea (Gorripidea), Joxean Cuesta y Vicente Silva (Ezker Batua-Berdeak)

Quilapayun musika talde txiletarrak ezagun egin zuen abesti batek zioen aberria ez dela fusila eta bandera, lurra lantzen ari diren nire anai-arrebak baizik. Hots, antolatuta dauden edo geuk antolatu nahi ditugun entitate politiko-administratiboek ez dute inolako zentzurik izango komunitate horretako kideak diren pertsonen bizi baldintzak hobetzeko baliagarriak ez badira.

Gobernatzen gaituztenek ideia horrekin bat egingo balute, ez lituzkete inolaz ere hartuko krisiaren aitzakiaz indarrean jarri edo prestatzen dituzten gizartearen kontrako neurriak. 4 milioi langabetu dauzkan herrialdean, lehentasuna lanpostuak sortzea izan beharko litzateke, eta ez langileak kaleratzea subentzionatzea. Hego Euskal Herrian kobratzen diren pentsioetatik % 71a pobreziaren mugaren azpian daude, eta estatu espainiarrean % 84a. Gauzak horrela, lehentasuna pentsioak hobetzea izan beharko litzateke, eta inolaz ere ez izoztea. Era berean, etorkizuneko pentsioak hobeak izatea bultzatu beharko litzateke, hain urriak ez izateko, eta inolaz ere pentsioa kalkulatzeko epea luzatzea % 20an gutxitzeko.

Hego Euskal Herrian 25 urte baino gutxiago duten gazteetako % 32a langabezian dago, eta lanean daudenetako % 59,5ak behin behineko kontratuak ditu. Bestalde, lanaldi laburreko kontratu gehienak emakumeei egiten zaizkie. Datu horiek ikusita, edonori bururatzen zaio pentsioa eskuratzeko gutxieneko luzatzen bada, edo pentsioa kalkulatzeko epea luzatzen bada, milioika emakume eta gazte pentsiorik gabe edo oso eskasa den pentsioarekin geratuko direla.

Eredu ekonomiko nazkagarria da pertsonak ume direnetik hiltzen diren arte lan egitera behartzen dituena. Gizateriaren zati handiak egindako borrokaren ondorioz, haurtzaroa prestakuntza eta hazkuntzarako errespetatzea lortu da, eta helduaroa ez dela soilik lan egitea kontsideratzen da. Harremanak, gizarte ekintzak, zaletasunak eta, jakina, deskantsatzea ere bizi zibilizatuaren ezinbesteko osagarriak dira. Baina horretarako gutxieneko osasun maila behar da. Osasun onean bizitzeko bataz besteko itxaropena 57,2 urtekoa zen gizonezkoentzat eta 53,4 urtekoa emakumezkoentzat (espainiar estatuko datuak, 2007), eta datu horiek esplikatzen dute langile asko 65 urte bete baino lehen jubilatzen dela, orain ekidin nahi duten egoera, alegia. Erretreta adina 67 urte bete arte atzeratzen bada, gure bizitzaren urte erabilgarri guztiak lanean emango ditugu (azken urteak zailtasun handiz) eta ezin izango gara erretretaz disfrutatu, osasun kaxkarra izango dugulako. Gainera, norberaren lan mota eta maila soziala osasun egoera beste edozer baino gehiago baldintzatzen duten faktoreak dira. Beraz, neurri horiek askoz kaltegarriagoak dira lan astuna eta maila sozioekonomiko baxua dutenentzat.

Neurriak hartzen dituzten politikariek ez dute pertsonen ongizatea helburu. Beraien aberria fusila eta banderarena izango da, gorri-horia edo bikruzifera, baina ez pertsonen aberria. Are gehiago, beraien aberri bakarra diruarena da, dirua daukatenek baitira gobernuek egin behar dutena erabakitzen dutenak. Herritarrei botoa eskatzen zaie, baina merkatuentzat gobernatzen da. Eta herritarrek hutsaren hurrengoa izateaz ez jabetzeko, sasi aukeraketa proposatzen zaie, murrizketak konbentzimendu osoz egiten dituzten eta zapaltzen dituzten eskubide sozialak babesteko egiten dutelako aitzakia jartzen dutenen artean.

Neurriei aurre egiteko moduei dagokienez, berriz, desberdintasunak daude leku bakoitzean. Estatu espainiarrean gehiengoa duten sindikatuek erreformak gobernuarekin adosteko bidea aukeratu dute, merkatuak baretzeko eta etor daitezkeen neurri batzuk ekiditeko asmoz. Hala ere, gaur amore emateak ahulago egingo gaitu, eta hurrengo sasi-negoziazioetan emaitzak askoz okerragoak izango dira.

Baina, zorionez, gero eta gehiago gara Frantziako ereduaren alde egiten dugunok. Han gobernuaren neurriek oso erantzun sozial gogorra jaso dute. Greba ugari egin dira, hala arlokoak nola orokorrak, mobilizazio plangintza baten barruan. Ez dute lortu erretreta adina 62 urtetara ez atzeratzea, baina argi dago Frantziako gobernuak bi aldiz pentsatuko duela murrizketa gehiago proposatu baino lehen, herriak erantzungo duela dakielako.

Guretzat bereziki inbidiagarria da Iparraldeko egoera, non estatu mailako sindikatuak mobilizatzen diren, eta sindikatu abertzaleek beraiekin datak eta deialdiak partekatzen dituzten, norberak bere ñabardurekin. Gainera krisiaren aurrean etengabeko erantzun soziala bultzatzen duen mugimendu sozial anitza eta aktiboa daukate: Oldartu.

Hori guztia dela eta, erakunde sozial eta politikoek, eta gizarte osoak berak ere, murrizketa sozialei aurre egiteko erantzun bateratua eta etengabekoa eman behar dugu. Urtarrilaren 27ko Greba Orokorrean parte hartzea bide horretan aurrera egiteko ezinbesteko urratsa izango da.

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak