Egur emaile profesionalak

miércoles, 19 de octubre de 2011 ·

Joxe Iriarte, Bikila

Ertzainek erakutsitako profesionaltasuna eta proportzionaltasuna zoriondu nahi dut”. Rodolfo Aresen hitz hauek oso garbi adierazten dute gatazka sozialetan zein aldean lerrokatzen den botere politikoa. Beste hitzekin esanda, zeinentzat lan egiten duen. Hala ere, ez dira lotsatzen “herri osoaren” mesederako jarduten dutela esanda. Dena den, aztertu dezagun hitz horietan dagoena.

Errekalde auzoa inguratu eta Kukutza militarki setiatu ondoren, eraikinean kosta ahala kosta sartzeko helburu zutenek, logikoa da neurriz jokatu zutela aldarrikatzea. Nolako helburua halako neurria. Zertarako bestela, tanketa eta tresneria guztiez oldartu? Aldiz, Kukutza barruan zein kanpoan ahal zuten moduan erantzun zutenak, Aresentzat eta Azkunarentzat, neurriz kanpo aritu ziren. Hots, erasotua erasotzaile bihurtu nahi izan dute.

Nolako profesioa halako jarduna. Badira pertsonen gaixotasunak sendatzea eta bizitza salbatzea helburu duten profesioak –lanbideak–, nahiz eta haien artean hiltzaileak ere izan. Gizakiekin esperimentatu zuten sendagile naziak, esate baterako. Militarrak, aldiz (Piris jeneralaren definizioa ontzat emanik) zenbat eta etsai gehiago akabatzea hobe, hori dute helburu, eta horretarako prestatzen dira modu profesionalean, nahiz eta larrialdi garaietan jendea salbatzeko ere aritzen diren. Profesio guztietan suertatzen da ordezko jarduera bat. Polizia, manifestariak jipoitzeaz gain trafikoa zaintzeaz ere arduratzen da. Kontua da zein den profesio bakoitzaren zeregin nagusia. Niretzako garbi dago: armadarena eta poliziarena statu quoa zaintzea! Jakina, nolako estatua halako polizia! Francoren garaiko polizia eta gaurkoa ez da berdina.

Egunotan Howard Zinnek idatziriko Amerikako Estatu Batuen beste historia irakurtzeko parada izan dut. Argigarria, gizakiaren eskubideak eta norbanakoen askatasunaren aldarri ozenaren konstituzio aitzindaria (gobernari txarren aurkako matxinadaren zilegitasuna onartzen duena gainera) nola historian zehar manipulatua izan den oligarkiaren jabego pribatuaren alde. Nola independentziaren alde borrokatzeko sortutako armada, eta gizartea zaintzeko milizia, guardia nazionala eta polizia, zein garaiz jarri zuten (jatorrizko amerikarrak sarraskitzeaz gain) beltzen pobreen eta langileen erreboltak sarraskitzen.

Mozorroak. Diktaduretan ez bezala, zuzenbideko (omen) estatuetan, polizien aurpegiak mozorroz estaltzeaz gain, beren zeregina mozorrotzen saiatzen dira. Alegia, leloa bihurtu da polizia hiritarrak “gaizkileengandik” (jakina, gaizkile arriskutsuenak, goi-mailako jendilajeak, ia ukiezina dira) babesteko dela. Gurean, “bertakoak” ildo horretatik jo du Ertzaintza izena hartu duenean. “Besteak” “nazionala” edo “zibila” deituak nolabait (alegia, militarra ez omen dena nahiz eta militarki antolatua izan), mozorroak bai baina ez dute mozorrotu beharrik. Egia esanda, ez dira berdinak, baina, zoritxarrez, geroz eta antzekoagoak. Duela bi urte Urbinan jaso genuen egurra oraindik bizirik dut gogoan!

Kukutzakoak gaizkiletzat hartuak izan dira (ez badute hain garbi esan) beraiena ez zen jabegoa ilegalki okupatu zutelako. Jabego pribatua, horra hor gakoa! Sozialismo erreala desagertu zenetik –berean jabego publikoa nagusiena eta babestuena da– estatuek esku gutxitan pilatzen den jabego pribatua zaintzea dute helburu nagusia. Izan ere, ez gaitezen engaina, jabego pribatu guztiak ez daude berdin babestuak. Instituzioak ez dira hain fin ibiltzen jabego txikiak desjabetu behar dituztenean. AHTren kasuan lurren nagusien gainetik pasa dira hondeamakinak Ertzaintzak babesturik!

Kukutza auzian inork ez du ukatu nagusiak bere eskubidea zuela, baina gutxik argitu dute jabego horren gainbalioa pelotazoaren traza zuen birkalifikazio baten bidez lortu zela. Eta Udalak, nahi izanez gero, bazuen egoera aldatzeko eskumenik, baita dirurik ere. Injustizia baten gainean beste bat pilatu da. Eta Ertzaintza, hori dena estaltzeko erabilia izan da.

Pincha aquí para ver y oir un video precioso donde las imagenes van acompañadas magistralmente con la letra de la canción.

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak