Itxaropen garaiak

miércoles, 10 de octubre de 2012 ·

Joxe Iriarte “Bikila”, Julia Monge, Iñaki Martin, Josu Perea. Gorripideako kideak.

Hondamen egoeratan salbu (hau da, egoera iraultzailetan, instituzio zaharrak kolokan dabiltzanean eta, aldi berean, oldartutako gizartearen barne-muinatik oraindik nagusi den boterea ordezkatzeko asmoz kontrabotere organismoak sortzen direnean), borroka sozialak, indartsua bada ere, eremu polítiko instituzionalean isladatua behar du izan.

Langile eta herritarren greba orokorrak Grezia, Frantzia, Italia, Portugal, Espainia eta Euskal Herrian, horietako batzuk konfrontazio maila handikoak; demokrazia faltagatik haserretuen oldartzea, M15 mugimendua bezala... guzti horrek panorama polítiko soziala errotik aldatu du. Haatik, gutxitan lortu ahal izan dira helburuak, neurri batean patronalaren eta gobernuen indarragatik. Bainan baita ere (salbuespen ohoragarriak aparte) zuzendaritza sindikal europar eta nazionalen hutsaltasun estrategikoagatik eta, ezker aldetik borrokak eskatzen zuena eremu polítiko elektoralean islatzeko ezintasunagatik ere.

Ahalegin hauen segidan, borroketan beste bultzada indartsua emango balitz ere ( M 15ren modukoa, edo instituzio parlamentarien aurrean egindako elkarretaratzeak Madrilen edo Atenasen modura, edo dudarik gabe sortuko diren bestelako modutan ere), uste dugu nekez eratuko dela masa eragina duen ezker eraldatzailea, hauteskunde mailan ere, modu batez edo bestez, zer ikustekoa izango ez duenik. Denbora politikoen desinkronizazioaren paradojak, M15aren indar-une goren batean PPk bere garaipen elektoral nabarmena lortzeak agerian jartzen du polarizazio bat eman daitekeela KALEAren eta HAUTESTONTZIen artean, eta eskuina garaile izaten jarraitzea ezkerreko alternatiba politikoen faltan.

Krisi honetan, mota desberdinetako krisiak pilatzen ari dira. Akumulazio eta gainprodukzioaren krisia; finantziarioa; klimatikoa eta ingurumenarena; zaintzaren munduarena; dominazio politikoaren modu tradizionalena ( “Ez gaituzue ordezkatzen” oihuak horren lekuko); eta Estatu Espainiarrari dagokionez, ERANTSI beharra dago, Transizioan diseinaturiko egitasmo nazional espainiarren (autonomien estatua deiturikoaren) krisia.

Bainan krisiak ez du denetan eta guztieengan modu berean eragina izaten. Kapitalismoak eta bere instituzioak populazioaren gain ari dira botatzen ondorioen zama, nahiz eta krisiaren jatorria instituzio finantzarioen, eta bereziki bankaren, diru-gosea, espekulazioa eta kontrol-eza izan. Gainera, globalizazioak eta instituzio europarretan nagusi den eredu neoliberalak jadanik mugatuak zeuden askatasun demokratikoen geroz eta degradazio handiagoa, eta indarrean dauden instituzioen (estatuak, autonomiak, udalak) soberaniaren murrizketa nabarmena ematen ari da.

Eta hori dena areagotua PPk (Erkidego Autonomikoaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin) murrizketak aplikatzeko era basatiarekin. Neurri horiek sorraraz dezaketen shock egoera erabiliz ere, estatuaren zentralizatzeari bultzada handiagoa eman nahi dio, juridikoki eta instituzionalki ez dagozkion eskumenak bere gain hartuz.

Testuinguru honetan, boterearen eta boterea sostengatzen duten partiduen aldetik esaten digute beraien egitasmoak (eskubiderik gabeko langile klasearen ustiaketa basatian eta baliabide energetiko mugatuen eta ingurumenaren suntsitzailea izango den polítika hiperdesarrolistan oinarrituriko balizko hobekuntza) aurrera atera arte beste alternatibarik ez dagoela etsitzea eta sufritzea baino. Bainan bestelako alternatiba badagoela baietsi nahi dugu. Fabriketan, kaletan, enparantzetan benetako demokrazia exijituz marrazten ari dena; beste modu bat polítika egiteko, beste modu bat produzitzeko, kontsumitzeko, generoen arteko beste moduko harremana, bestelako harremana naturarekin, beste modu bat justizian eta gatazka odoltsuen biktima guztien erreparazioan oinarrituriko bakea eraikitzeko, autogobernu modu berri bat. Hau da, herri burujabe izanik, norekin bizi, elkartu eta zein modutan libreki erabakitzeko ahalmena duen herria. Adibidez, gainontzeko nazioekiko berdintasunean, langile eta herrien zerbitzura eraikitako Europa berri batean.

Gasteizko Parlamenturako datozen hauteskundeetan, EH-Bilduk lorturiko emaitzak norabide horretan urrats garrantzitsua izatea da gure itxaropena. Esperantza horren oinarria da, alde batetik, ezkerreko soberanismoaren sektorerik garrantzitsuenak eta murrizketa polítiko-sozial eta kulturalen aurkako erresistentziaren botorik gehienak batzeko duen almena; eta bestetik, orain arte nagusi izan den bipartidismoari, hau da, funtsezko auzitan desberdintasun askorik ez duten egitasmoen alternantziari amaiera emateko posibilitatea irekitzen duelako.

Itxaropen hau praxi politikora ere zabaltzen da. EH-Bildu, biltzen dituen indarrengatik, konfiantza ematen digu klientelismoari, usteltzeari, herritargoa gutxiesten duen agintekeria instituzionalari, emandako hitza jateko joerari ( hitza, hitz!) eraginkortasunez aurre egingo diola.

Hitz batez. Itxaropena dugu interes propioen, legalitateen, botere ekonomiko eta politikoen ezarpenen gainetik, ordezkatzen dituen klase eta gizatalde herrikoien interesak jarriko dituela, sindikatu eta mugimendu sozial borrokalariekin batera ibiliz. Guzti horren itxaropenean, eskatzen dugu EH-Bildurentzat botoa.


0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak