Tantaz tanta Euskal presoen eskubideen alde, tantaz tanta Konponbidearen alde

martes, 1 de octubre de 2013 ·

Prentsaurreko honetan agertzen garen alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialok iritzi publikoari helarazi nahi diogu Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako operazioari buruzko iritzi bateratua, batetik, eta gertakari hori dela-eta elkarrekin emango dugun erantzunaren berri, bestetik.

Hasteko aipatu beharra daukagu hemen bildutako erakundeok Herrirarekin normaltasunez ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula. Asko partekatu izan dugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio.

Erabat arbuiatzen dugu ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa. Izan ere, erabaki honek eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen baititu. Herrira gurean erakunde aski ezaguna dugu: bere ekintza publikoa da; gure inguruko erakunde sozial eta politiko asko eta askorekin dago harremanetan, eta haiekiko lankidetza bilatzen du; bere ekimen guztiek hiru ezaugarri izan dituzte, eta uneotan ezinbestekoa da horiek nabarmentzea: baketsuak izan dira, elkar ulertuz pluraltasuna izan dute helburu, eta betiere giza-eskubideen defentsa izan dute ardatz.

Horrenbestez, guretzat begibistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero.

Bigarrenik, operazio honekin sine die luzatu nahi dute itun antiterroristaren aro politikoa, hots, makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa. Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere garapena galarazte aldera. Horixe da estatuaren “immobilismo” delakoaren helburua: Euskal Herrirako agenda bakarra aparatu guztien mobilizazio itsua da: errepresiboak, judizialak, instituzionalak nahiz komunikabideetakoak.

Hirugarrenik, nabarmena iruditzen zaigu makrooperazio honen keaz estali nahi dituztela egun espainiar gobernuan dagoen alderdiak dituen konta ezineko arazoak, esaterako, bi besterik ez aipatzearren, ustelkeria kasuak edota erabakitzeko eskubidearen aldeko erreibindikazio nazionalak gori-gori egotea. Ideia honen isla biribila da zein unetan datorren operazio hau, hain zuzen gobernuak justiziak erreklamatutako torturatzaileak atxilotzea ukatu duenean.

Laugarrenik, uste dugu era honetako operazioekin saiatzen ari direla presoen auzia gutxi batzuren arazo bihurtzen. Horregatik, gogoratu beharra daukagu hemen bildu garen erakundeok preso eta errefuxiatuekiko eskubideekin zalantzarik gabeko konpromisoa hartu dugula, eta konpromiso horri ez diogula amore emango, estatua setaz saiatuagatik ere. Hain zuzen, operazioa nolabait gure aurka ere badoa, eskubide horien defentsan Herrirarekin lanean ari izan baikara azken aldion.

Horregatik, sinetsita gaude erantzun zabal eta irmoa bultzatu behar dugula bidegabeko operazio honen aurka. Atzo goizetik bertatik erantzuna emateko dozenaka ekimen izan da gure herrietan eta eskualdeetan. Horiekin batera, hemen gauden antolakundeok iragartzen dugu Bilbon manifestazio nazionala izango dela datorren larunbatean, urriak 5, arratsaldeko 5.30etan, La Casillan hasita. Gure helburua da espainiar estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz.

Ekitaldia deitzen dugun erakundeok lan egingo dugu mobilizazio honek aste honetan babesik zabalena izan dezan. Hots, lan egingo dugu Herrirak egiten duen gisan, “Tantaz tanta, gota a gota”, guztion eskubide eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez.

Sinatzaileak/Firmantes:

Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, Gorripidea, Sortu, Askapena, Bai Euskal Herriari, Behatokia, Bilgune Feminista, Egiari Zor Fundazioa, CGT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB, STEE-EILAS, Eleak mugimendua, Elkartzen, EPPK bitartekaritza, Erabaki, Ernai, ESAIT, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz, GITE-IPES, Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, Sare antifaxista, Taupaka, sortzaileon elkartea, Torturaren Aurkako Taldea, Bilboko herri mugimendua/Movimiento popular de Bilbo.

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak