Ezkerreko hegalean, beste xendra batetik

martes, 29 de marzo de 2016 ·

Joan den astean 25 urte bete ziren Zutik alderdia sortzeko batzarra egin zutenetik, Leioan (Bizkaia); EMK eta LKIren elkarlanetik sortu zen Zutik, eta alderdia 2011n desagertu bazen ere, gaur arte iraun duen aztarna sakona utzi zuen Euskal Herriko ezker politikoan eta horrek izan dituen eztabaidetan.


I. BATZARRA. Zutik sortzeko egindako batzarra, 991ko martxoaren 17tik 19ra, Leioan (Bizkaia). BERRIA

2016-03-22 / Gotzon Hermosilla
Leioan (Bizkaia) egin zuten Zutik alderdi politikoa sortzeko batzarra, 1991ko martxoaren 17, 18 eta 19an: 25 urte bete dira egunotan. EMK eta LKI elkartzean sortu zen Zutik; biak ala biak ETAren bilakaera eta eztabaida ideologikoen ondorioz sorturiko ildo politikoak -1966an ETAtik aldenduriko ETA Berri zen EMKren aurrekoa; LKIren sorburuan, berriz, ETA VI.a egon zen- eta bat egin zutenerako bide luzea egina zutenak. Bi hamarkada iraun zuen Euskal Herriko ezker politikoan beste xendra bat zabaltzeko saialdi hark, 2011ko abenduaren 17an egindako bileran erabaki baitzuten Zutik desegitea.

Zutik, eta antolakunde hartan bat egin zuten bi tradizio politikoak, Europako ezker alternatiboa zeharkatzen zuten eztabaida, kezka eta pentsamolde berriak Euskal Herrira ekartzeko saioak izan ziren. Hauteskundeen esparruan haien eragina murritza izan zen, baina lorratz sakona utzi zuten garaian garaiko ezkerraren eztabaida politikoetan. Gaur egun, tradizio politiko horretako kide ugarik segitzen du jarduera politikoan, zenbait alderdi eta erakundetan -batez ere, EH Bildu eta Ahal Dugu-, unibertsitatean zein gizarte mugimenduetan.

Txinoak ziren EMKkoak, troskoak LKIkoak. Edo hala esaten zen garai hartan. Baina gauzak ez ziren hain sinpleak, Joxe Iriarte Bikila-k dioenez: «LKI bat zetorren IV. Internazionalarekin, baina nik neuk ez dut inoiz neure burua troskistatzat hartu, gure alderdiak ez baitzuen egile marxista klasiko bakar batengandik edan. [Leon] Trotskiren eragina bagenuen, baina Che Guevara, Rosa Luxemburg eta beste askorena ere bai». LKIko eta, geroago, Zutik-eko zuzendaritzako kide izan zen Bikila urte askoan.

Mikel Isasi oso gazte hasi zen EMKn lanean, eta antzeko iritzia du bere alderdiari egozten zioten maoismoaz: «Txinako egoeraren eta maoismoaren interpretazio oso idealizatua egiten zen orduan, ezkerreko militante europar batek Txinako egoera ezagutzeko aukerak hutsaren hurrengo zirelako. EMK-k ere nozitu zuen hori, eta bolada batez, marxista-leninista Mao Zedongen ekarpenekin izan zen haren ideologiaren definizio ofiziala. Baina gutxi iraun zuen, bizpahiru urte, eta laster oso kritiko agertu ginen etapa horrekin».

EMK «errealitateari oso atxikitutako alderdi» gisa definitzen du Isasik. «Kritika eta autokritikaren kontu hori oso barneratua genuen, etengabe ari ginen gure jarrerak berrikusten. Abangoardia izan baino gehiago, jendearengandik ikastea zen asmo nagusia». Ekologismoan, feminismoan eta militarismoaren kontrako borroketan murgildu zen, eta horrek aztarna utzi zuen kideen garapen ideologikoan. Gizartean eragiteko modu berri eta apurtzaileek ere -garai hartako kartel deigarriak, EMK Zirkus ikuskizuna, Bilboko Txomin Barullo konpartsa eta abar- izaera berezia ematen zioten alderdiari.

LKIri dagokionez, «internazionalismoaren ikuspegia» aipatu du Bikilak bereizgarri gisa. «Orduko ezkerreko mugimendu gehienek internazionalismoa lantzen zuten, baina gurea gehiago zen internazionalismo trinko eta antolatuaren aldeko hautua, Internazionalaren tradiziotik edaten genuelako».


Elkartzeko beharra

1980ko hamarkadaren amaieran, hamar urte lehenago euskal ezkerra osatzen zuten alderdien anabasa hartatik hiru indar nagusi gelditzen ziren: ezker abertzalea, PCEren inguruko ezkerra -Ezker Batua koalizioan bildua- eta EMK eta LKIren ildokoa. «Gu ginen gelditzen ziren ezker muturreko alderdi bakarrak», dio Bikilak, «eta ahultzen hasiak ginen. Egoera zaila zen: NATOri buruzko galdeketa, ekialdeko herrialdeen porrota eta abar. Ezker abertzalearen indarra ere handia zen, eta presio horren aurrean elkartzeko beharra argi ikusten genuen».

Espainian, EMK eta LKIren kide ziren alderdiek, MCk eta LCRk, bat egiteko prozesu bati ekin zioten. Horrek eragina izan zuen EMK-k eta LKIk ere urrats hori egin zezaten. «MC eta LCR trabatu egin ziren, eta haien arteko harremana puskatu zen», dio Bikilak. Euskal Herrian kontrakoa suertatu zen, eta Zutik sortu izanak bultzatu zituen Espainian ere MC eta LCR bat egitera.

Izquierda Alternativa sortu zen bat egite horretatik, 1991n -Zutik sortu baino hilabete batzuk geroago-, baina 1993an banatu ziren berriro. «Gu, aldiz, oso gustura geunden elkarrekin, batasunaren beharra ikusten genuen, eta, modu batera edo bestera, Zutik gisa ia hogei urte egin genituen», esan du Bikilak. «Herri mugimenduetan elkarrekin geunden, eta ideologikoki ere gertutasun handia zegoen», erantsi du Isasik. «Nik guztiz logiko ikusi nuen bat egiteko prozesua».

Izan ere, Euskal Herrian, EMK eta LKIren arteko harremanak lehenagotik zetozen, eta zenbait lekutan oso emankorrak suertatu ziren. Nafarroan, adibidez: elkarlana aspaldikoa zen, eta 1987an Batzarre izeneko hauteskunde koalizioan gauzatu zen.

Milagros Rubio EMKko kidea zen garai hartan, eta esperientzia hura gertutik ezagutu zuen: «Ezkerreko jendea elkartzeko eredu horrek sustrai sakonak zituen Nafarroan. Nik esango nuke Batzarre izan zela Zutiken aurrekoa eta eragina ere izan zuela EMK eta LKIren batasun prozesuan, nahiz eta Batzarre EMK eta LKIren batuketa baino askoz gehiago izan, independenteen garrantzia handia zelako».

Lizarra-Garazi

90eko hamarkadan, Zutik herri mugimenduetako lanean eta lan ideologikoan aritu zen batez ere, eta Batzarreren esperientzia albo batera utzita, bozen arloan ez zuen indar handirik egin, hauteskunde batzuetan Herri Batasunaren aldeko botoa eskatzeaz aparte. Lizarra-Garazi hitzarmenak gauzak aldatu zituen. Zutik eta Batzarrek sinatu zuten hitzarmena beste alderdi eta eragile askorekin batera 1998ko irailean eta urrian. Handik gutxira, EH Euskal Herritarrok koalizioa sortu zen. Ezker abertzalearekin batera, Batzarrek parte hartu zuen saialdi hartan, eta Zutik alderdi gisa kide izan ez bazen ere, zenbait militantek bat egin zuten koalizioarekin. ETAk 1999an su-etena bertan behera utzi eta jarduera armatuari berrekiteak ekarri zuen Zutik eta Batzarreko kideek EHtik alde egitea.
«Nik uste dut EHrekin izandako esperientzia txarrak are gehiago azkartu zuela Batzarren lehenagotik zetorren eztabaida, jarrera nazionalisten zein ETAren jardueraren ingurukoa», esan du Rubiok, «eta geroztik are kritikoago izan ginen ETArekin, eta mugimendu nazionalistatik guztiz aparte kokatu ginen».

Izan ere, nazio arazoari buruzko eztabaidak eta ETAren jardueraren aurrean hartu beharreko jarrerari buruzkoak zeharkatu dute euskal ezkerra azken hamarkadetan, eta Zutik ez zen salbuespena izan. Isasi: «Hasieratik kritiko izan ginen ETArekin, baina gehiegi nabarmendu gabe, estatuak hori ez zezan erabili errepresioa areagotzeko. Hori aldatuz joan zen egoera politikoaren bilakaeragatik, baina alderdi barruko osagai bat ere bazegoen, etikoa. ETAk Buesa hil zuenean [2000ko otsaila] agiri bat atera genuen horren kontra, eta hortik aurrera askoz kritikoago izan ginen ETAren jarduerarekin».

Zutik-en azken urteak nahasi samarrak izan ziren. 2006an, LKItik zetozen hainbat militantek alde egin zuten alderditik, eta Ezker Gogoa elkartea sortu zuten.

Horien artean zegoen Petxo Idoiaga LKIko kide historikoa: «Arazoetako bat izan zen ez genuela hasieratik adostu nola kudeatu alderdi barneko desberdintasunak», esan du. Desberdintasunak txikiak izan ziren bitartean hura ez zen arazo izan, baina, Idoiagaren iritziz, gauzak aldatu ziren Zutik-en III. Batzarrean -2000ko urrian eta 2001eko apirilean egin zuten-.

«Gure ustez, nazio arazoaren muina zen estatu batek nazio bati adierazteko eta erabakitzeko eskubidea ukatzen diola», dio Idoiagak. «Hasieran, denok partekatzen genuen ideia hura. Gero, batzuk hasi ziren auzia identitateen arteko talka balitz bezala teorizatzen, eta hor agertu zen diferentzia».

Ezker Gogoa-koak joanagatik ere, horrek ez zituen apaldu barne desadostasunak. Aitzitik, areagotu egin ziren, nazio auziaz ez ezik, iraultzaren aukeraz edo Zutik alderdi izatearen egokitasunaz ere oso iritzi desberdinak zeudelako, harik eta 2011ko abenduan alderdia desegitea erabaki zuten arte.

Zutik-en aztarna

Zer gelditzen da esperientzia politiko horretatik Euskal Herriko gaur egungo politikagintzan? Zutik desegin ostean, Gorripidea sortu zuten 150 kide ohi inguruk. Horietatik, batzuk EH Bildun sartu ziren, koalizioa osatzen duten alderdietako batekin, Alternatibarekin, bat egin ondoren -hori da, esaterako, Bikilaren kasua-. Beste batzuek Ahal Dugu-ren bidez jarraitu dute lan politikoan: Mikel Isasi, adibidez, diputatua da Bizkaiko Batzar Nagusietan Ahal Dugu-ren taldean.

Bikilak esan duenez, Zutik-en azken urteak «sufrikarioa» izan ziren harentzat. «Hala ere», erantsi du, «arazoak arazo eta desadostasunak desadostasun, lagun moduan amaitu genuen, eta alderdien ondarea banatzeko ere gizalegez jokatu genuen; ez zen hainbat alderditan ikusten den bukaera odolzale eta labankadaz beterikoa».

«Nik uste dut Zutik-en ekarpena, eta lehenago EMKrena, garrantzitsuak izan zirela hainbat borroka erreferentzia bilakatzeko: intsumisioa, feminismoa, sexu askatasuna, ekologismoa eta abar», esan du Isasik. «Ezkerrean eta gizartean eragin dugu. Adibidez, diru sarrerak bermatzeko errenta dugu, baina jende askok ez du gogoratzen hori herri ekinaldi legegile batetik sortu zela, eta hor gure jende asko aritu zen lanean».

Rubiok «maitasun eta errekonozimendu handia» sentitzen du Zutik-en kide izan zituenengana. «Akats politiko guztien gainetik, uste dut oso jende eskuzabala izan zela, mundu hobe baten ametsari eutsi ziona. Eta politikoki ere, uste dut batzuetan ikuspegi itxi eta dogmatikoa izan genuela, eta ezker abertzalearen menpekotasuna gehiegizkoa izan zela, baina akatsek ikasteko balio izan digute».


Idoiagak uste du kultura politiko horren ezaugarri batzuk «zorionez» desagertu direla, «dogmatikoenak eta sektarismora lerratuenak», baina aztarna egon badagoela: «Niretzat pozgarria da ikustea erabakitzeko eskubideak eztabaida politikoaren erdigunea hartu duela, edo ekosozialismoak eta feminismoak ezkerrean duten indarra, balio horiek guk sustatu genituelako».

0 comentarios :

emeek emana

Soberanía y emancipación

Soberanía y emancipación
Bikila

Mosaiko. Gure esju dago

Mosaiko. Gure esju dago
VIDEO. Pincha la imagen

Gorripidearen Aurkezpena

Lehenengo Konferentzia

Lehenengo Konferentzia
1ª Conferencia de Gorripidea

Eztabaida - Debate

Dekalogoa

Gure esku dago

Giza eskubideak / DDHH

Gernikako akordioa

Garoña Itxi Orain!

VIDEO. German gogoan

Etxe kaleratze gehiagorik ez!

Etxe kaleratze gehiagorik ez!
VIDEO: Pásalo

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
Joxe Iriarte "Bikila" Cumbre del Akonkagua 6.959 m

Artxiboa

Etiketak